XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Etxetik ez nekarren nik halakorik.

Eskolak ere ez zidan halakorik sortu, bistan da.

Eta kasualitate bat iruditzen zait, ondo pentsatuta.

Ez naiz lotsatuko aitortzen, niri neuri, garai batetan, Kanpionek nolako inpresioa egin zidan.

Arana Goirik eta baino gehiago askoz ere.

Aspaldian ez ditut ikusi eta ez dakit.

Orain, seguru asko, tontakeriak irudituko litzaizkidake.

Baina ipuin eta historio haiek mundu berri bat ireki zidaten: Nafarroaren historiarena.

Gero Iturralde y Suit aurkitu nuen.

Egia esateko, geroago irakurriko nuen beste lan teoriko, zerebralago eta argumentatibo askok, neri ez dit haiek aina lagundu.

Lan teorikoen aurrean, batez ere zerbait probatu nahi digutenean, beste jarrera bat hartzen dugula ematen du. Zorrotzago, kritikoago.

Beharbada, instintoz bezala, ez dugu utzi nahi, komentzi gaitzaten.

Irakurgai literarioen eta historikoen aurrean á la Walter Scott idatzitako irakurgai historiko nobelatuen aurrean bereziki postura irekiagoak hartzen ditugu. Harkorragoak. Beraz, askotan pentsatu dut, eta Santa Kruz Apaizaren azterketa honek bide ematen dit aitortzeko, halako lan askoz gehiago beharko genituzkeela, euskaraz nahiz erdaraz, gazteek Euskal Herria teorikoki soil ezagun ez dezaten; hots, teoriaren baten bitartez.

Etorriko zaie teorietarako garaia.

Gainera, teoria, berek asmatu beharko dute, hein haundi batetan.

Hori ezin eman geniezaieke guk, jateko pronto.

Ez bait dago egin eta pronto dagoen teoriarik, joan eta ikasi beste zereginik gabe.

Euskal Herriaren alde lan egiteko teoriak, ordea, ardatz bat du: Euskal Herria, bere jende eta historia.

Hori ezagutzen eta maitatzen ez duenak, alferrik bilatuko du komentzi dezan teoriarik zergatik izan behar den abertzale, edo euskaltzale, edo ez dakit beste zer-zale.

Euskal Herriaren historia aztertzen dutenek, ba, ausardia piska bat gehiago beharko lukete, historizale jakitun soil, hau da, akademiko, objetibo, dokumentatu, baino besterik ere izateko.

Nobelatzeko, hain zuzen (historia egiten dutenean historia eginez: eta nobela historikoan ari badira nobela eginez, noski: biak nahastu gabe).

Kanpionek izan zuen ausardia.

Santa Kruz Apaizan Orixek egin zuen abenturarako ausardia.

Azken finean, historia bera ere, orain dokumentuetan bildu eta jakin ditzakegun gertaera huts eta datu soil objetibo horik baino zerbait gehiago izan da... (...).